Maiatzan gaude...badator Maskarada!!!!


Laster bueltatuko dira lamiak eta sorginak Lamiakoko kaleetara. Maiatzan gaude eta urtero bezala auzo leioaztarra pertsonai mitologikoez beteko da herriko jendea eta kaleak jai giroan murgilduz.

Maskarada dela-eta, hil honetako azken ostiralean, 28an hain zuzen, euskal mitologiaren pertsonaiak Lamiakoko kaleetatik dantzan ibiliko dira. Esan beharra dago, ohitura hau bizirik mantentzearen ardura garrantzitsua Lamiakoko Maskarada
taldeak duela, bera delako urte guztian zehar lan eguten duenak egun honetan dena prest izateko.

Ohitura dioen bezala hainbat pertsonai bilduko dira Lamiakon ostiral berezi honetan. Hauen artean, Mari, jenio guztien ama; Sugaar, lamien nagusia; Basajaun indartsua; Aker, mendean morroi asko dituen ahaidea; Galtzagorri, kristauentzat ispiritu maltzurra duena; Ieltxu, ahotik sua botatzen duen txoria; Inguma, gaueko jenioa; eta
Sorgin, leizetan Mariren neskame dauden ahaideak, besteak beste. San Máximo jaien barruan kokatuta, arratsaldeko 17:30etik aurrera eta gaua bitartean, magiaz beteko dituzte Leioako inguru horretako txoko guztiak ume zein helduen ikusmin begiradapean.
Maskarada aintzinetik datorren ohitura da, zehazki 1978tik, ordutik hona Euskal Herriko mitologiaren antzezpena ohikoa izaten da Lamiakon maiatzeko azken ostiralean. Alde batetik, gentil mitologiaren eta kristausunaren arteko borroka
uztartzen da maskaradan, eta bestetik, auzoari izena ematen dion Lamiaren istorioa plazaratzea eta jakitera emateko helburua du ospakizun honek.


Maskarada hau hiru atal ezberdinez osatuta dago. Lehenik arratsaldeko 17:30etik aurrera Gaztelubide kaleko errotondatik kalejiran abiatuko dira Lamiakoko metro geltokiraino, Maiatza, erraldoiak, fanfarrea eta herriko dantza taldea. Modu honetara
maskarada eta maiatzaren etorrera herrian zehar iragarri egiten dute parte hartzaileek. Honen ostean, arratsaldeko 18:00etan gutxi gorabehera, Mari eta bere senarra Sugaar agertuko dira Lamiaren eskulturaren ondoan eta Udaberri dantzatuko dute bertan. Besteak beste, joan-etorria egingo dute Txopoetaraino bidean pertsonaia mitologikoekin dantzatuz eta gaueko akelarrerako gonbitea luzatuz. Azkenik, gaueko
22:30etik aurrera, suaren inguruan dantzatuko dute bildutako pertsonaia guztiek, Lamiakoko futbito zelaian ikuskizun paregabea eskeiniz bertan bildutako ikusleei. Akelarrean, gentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka islatzen duen antzezpena egingo dute; zeinetan sua, musika eta biribilketak nagusi izango diren.