Zinegotziak, non zaudete?

Lamiakoko Antzokiaren egoera larrigarriaren aurrean, urtarrilaren 10ean mezu bat bidali genien Leioako Udala osatzen duten alderdi politiko guztiei, gure kezka helarazteko eta Antzokiaren egoera bertatik bertara ezagutzeko. Inolako erantzunik jaso ez genuenez, urtarrilaren 24an berriro ere idatziz harremanetan jarri ginen eta tamalez alderdi bakar batek agertu du interesa (Elkarrekin Podemos). Itxurazko axolagabetasun horren aurrean, egoera hau konpontzeko beharra azpimarratu nahi dugu orain publikoki, eta gobernu-taldea osatzen duten alderdiei ez ezik, oposiziokoei ere dei egiten diegu gurekin bil daitezen eta egoeraren larritasuna uler dezaten. Antzokia egokitzen bada, Lamiako Maskaradak ez ezik, Lamiakoko auzoak eta, beraz, Leioako herriak ere irabazten du. Gure taldeak ia 50 urte daramatza herri honetan modu altruistan Euskal Kultura sustatzen eta tratu egokia merezi dugu.
 
Bidalitako mezuak partekatzen ditugu:
 



 




Aurrekontuak 2026

 Leioa Udala-Ayuntamiento 2026ko udal aurrekontua onartu du, 53,7 milioi eurokoa. Alkateak berak azpimarratu duenez, "herriaren beharrei erantzuten dieten oinarrizko zerbitzuak mantendu eta bermatu nahi dituzte; baita udalerriaren garapenean eta eraldaketan aurrera egin ere, inor atzean utzi gabe." Alde horretatik, ia 54 milioi horien zati txiki bat Lamiakoko Antzokia “konpontzera” bideratzea gustatuko litzaiguke. Ez dugu eskatzen Arriaga bihurtzea, baina bai erabilera segururako egokitzea eta osasungarritasun-baldintzak betetzea. Urteak daramatzagu bere egoera tamalgarriaren eske, eta berriro ere Lamiako Maskaradaren hurrengo edizioa prestatzeko zorian gaude eta, zoritxarrez, Lamiako Antzokiak abandonatuta jarraitzen du. Kultura sailari idatziz zein publikoki eskatu diogu gure sare sozialetan eta aurrekontuen komunikatu hauek beste behin ere erreklamatzeko aprobetxatzen ditugu. Espero dugu aurrekontu berri hauetan taldearekin eta auzoarekin berarekin dugun zor historiko hau konpontzea.

Alkatearen Elkarrizketa