2022an, Leioako Udalak Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa bat aurkeztu zuen Lamiakoko ibarraren inguruan. Proiektu hori udalaz kanpoko enpresa pribatuek diseinatu zuten oso-osorik, udalerriaren egungo beharrei erantzun gabe eta inolako herri-kontsultarik gabe.
Lamiakotarrak auzo elkarteak, planteatutako aukerak aztertu ondoren, honako hau ondorioztatu zuen:
- Proposamenak ez dakar auzo osorako plan integralik.
- Ez du bere gain hartzen auzo osoan metroa lurperatzeko aldarrikapen historikoa, gainera ez du kontuan hartzen “subfluvial” izenekoak ekar ditzakeen onurak helburu hau lortzeko. Ez dezagun tren hau galdu!
- Padura-eremuari egiten dioten proposamenak ez du baimentzen erabateko berreskurapenik.
- Ez du auzoarentzako inolako gizarte-, kirol- edo kultura-ekipamendurizk aurreikusten, eta aintzat hartu behar da egun ere zerbitzu horiek ez ditugula,proposamenak dakarrren biztanleria-hazkundea bera ere aintzat hartu gabe.
- Aurkeztutako alternatibak, 20 solairuko dorreetan banatutako 1.200 etxebizitzakoak, erabat onartezinak dira.
Beraz, egindako hausnarketa kolektiboak erabateko aurkakotasuna izan zuen emaitza, aho batez arbuiatuz hirigintza proiektua. Txopoeta eta Lamiako auzoetako bizilagunok modu aktiboan parte hartu nahi dugu auzoak nolakoa izan behar duen erabakitzean, eta, horrela, hirigintza-eragiketa honen helburu nagusia saihestu nahi dugu, alegia, auzo baten benetako beharrizanak kontuan hartzen ez dituzten eraikuntza-enpresen etekin ekonomikoa.
Hausnarketa eta erabaki horretatik abiatuta, herritarren mugimendu bat sortzea erabaki zen, auzoan egin nahi den proiektuaren gaitzespena dinamizatzeko.
Horrela sortu da mugimendu hau, Lamiako Txopoeta Bizirik izena jarri dioguna, eta bere ardura izango da Udalari helaraztea auzoak erabateko oposizio eta gaitzespen jarrera duela proiektu honen aurrean, hainbat dinamika antolatuz (informazioa, mobilizazioa, udal talde politikoei interpelazioa, eta abar).
Komunikatu honek gure mugimenduaren eta bere helburuen eszenaratze bat izan nahi du; batez ere, udalerriari begirako aurkezpen bat, gure asmoen lorpenean parte har dezan animatzeko, eta udalaren aurrean aurkezpen bat, bizilagunen ahotsa entzun eta proiektu hau geldiaraz dezan.
Momentura arte hauek dira babesa eman diguten auzoko eta inguruetako hainbat kultur, giza- eta kirol-taldeak: Lamiakotarrak, Plataforma en defensa de la vega de Lamiako, Lamiako Maskarada, Ekologistak martxan, Txoperako Jai Batzordea, LamiƱa Kultur Elkartea, Txopoeta Ehiza taldea, eta jarraituko dugu beste askorena lortzen.
Laster, sare sozialetan ere emango dugu informazioa, baina, oraingoz, jakinarazi nahi duzuen edozein mezutarako helbide elektronikoa aurreratuko dizuegu:
lamiakotxopoetabizirik@gmail.com