Urtarrilaren 9an hasiko gara!

 

COVID-19 dela eta, bi urte jarraian Lamiako Maskarada bertan behera geratu da baina laster bueltan egongo gara eta inoiz baino indartsuago! Zuen laguntza ezinbestekoa da honenbeste maite ditugun pertsonaiak maiatzaren azken ostiralean berriro gure kaleetan egoteko. Beraz, parte hartzera gonbidatzen zaituztegu!

 

Lehenengo bilera Urtarrilaren 9an izango da betiko lekuan eta betiko orduan, hau da, 16.30etan Lamiako Antzokian. Parte hartzeko gogorik izatekotan, etor zaitezte! Lamiako Maskarada zuen zain dago berriro ekitaldi bakarra eta ikusgarria ospatzeko! Ez zarete damutuko!

 

ANIMA ZAITEZTE MASKARADA BIZITZERA!



 

 

Gure helburua: Maskarada 2022

 Kaixo guztioi,

Bi urte daramatzagu Maskarada ospatu gabe, baina laster bueltan egongo gara eta inoiz baino indartsuago! Urtarrilean hasiko gara eta aurten entseguak luzatu egingo dira maiatzaren azken ostiralera arte. Parte hartzeko gogorik izatekotan, zabaldu mezua eta anima zaitezte!

Laster arte!


 


Dantzatzeko prest al zaudete?

Asteburu honetan Umore azoka berriro bueltatu da Leioako kaleetara, beraz argi dago Lamiako Maskarada ere laster ospatuko dugula.

Osasun egoera aldatzen ari da eta espero dezagun hurrengo asteetan zehar askoz gehiago hobetzea.

Dagoeneko ilusioz beteta gaude gure Maskarada berriro kaleratzeko eta gainera aurten inoiz baino lehenago hasiko gara entseguak egiten. Laster esango dizuegu noiz hasiko garen!!!

 Animatu berriro gurekin batera Lamiako Maskarada bizitzera! 🎭🎭🎭🎭




Lokal Berria

Azkenean lokal berri bat lortu egin dugu guk dauzkagun gauza guztiak egoera onean gordetzeko. Orain jantziak, maskarak, txanoak eta Maskaradan erabiltzen ditugun beste mila gauza primeran mantenduko ditugu. Mila esker Leioako udalari, egia esan ASKO itxaron behar izan dugu (40 urte baino gehiago), baina azkenean esan dezakegu lokal duin bat daukagula. Beraz, dena prest Lamiako Maskarada 2022 ospatzeko!!!!! Adi egon zeren eta hurrengo urtean inoiz baino lehen entseguak prestatzen hasiko baikara.

Gozatu uda eta asko zaindu 😉

 


 





Erakusketa ibiltaria Txorierri auzoan

Lamiako Maskaradaren argazki erakusketa ibiltaria Txorierri auzoan izango da ekainaren 28ra arte.

 Mila esker Leioako Udala!

 


 

Webgunea-Unitate Didaktika Birtuala

 Esan genizuenez, unitate didaktika baita ere webgune batean eskuragarri egongo da. Hementxe doakizue webgunearen link-a, eta espero dezagun zuen gustokoa izatea eta aldi berean Maskaradari buruz ikastea!

Berriro eskertzen dugu David Fernández Rementeria-k egindako goi-mailako lana eta Leioako Udalaren laguntza!

https://lamiakomaskarada.eus/ 

 








Deia Egunkarian Maskarada 2021

 Mila esker Marta urtero halako erreportai politak ateratzeagatik 😍




Maskarada eguna 2021

Gaur Maiatzaren azken ostirala da eta berez Lamiako Maskarada ospatzeko eguna izango litzateke. COVID-19 dela eta, bi urte jarraian Lamiako Maskarada bertan behera geratu da. 

Espero dezagun hurrengo urtean berriro Maskarada kaleratzea eta gure auzoko kaleak hankaz gora jartzea!



GORA LAMIAKO MASKARADA!

Hamaika Telebistan

 Atzo Arenek elkarrizketa bat egin zuen Hamaika Telebistan.

 


 

Hemetxe doakizue link-a:

Hamaika Elkarrizketa

Gozatu Erakusketa Lamiako auzoan!

 Gaurtik Ekainaren 7ra arte Lamiako auzoan argazki erakusketa ibiltaria gozatu dezakezue!

 Lamiako Maskarada ospatu ez arren, Maskaradaren arima gure artean egongo da. 

 Anima zaitezte erakusketa gozatzera!

Mila esker Leioako Udala!

 


 


Argazki erakusketa Lamiakon!

Hurrengo barikuan argazki erakusketa ibiltari hasiko da gure auzoan. Maskaradaren magia sentituko duten irudien aukeraketa bat, batzuk udal artxibokoak, beste batzuk Maskaradak berak utzitakoak, Marcos Ferrer argazkilariak utzitakoak eta beste batzuk Jose Luis Raymond eszenografo ospetsuak eta Maskaradaren eszenografiaren sortzaileak utzitakoak.

Erakusketa Leioako hainbat auzotan zehar ibiliko da datozen asteetan, gainontzeko leioaztarrek Maskarada are ezagunagoa izan dezaten, eta iaz eta aurten ospatu ezin izan ondoren, gogoratzeko modu bat izan dadin. Erakusketa San Bartolomen, Txorierrin, Pinuetan eta Leioako erdigunean izango da.

Espero dezagun zuen gustokoa izatea! 






 

Unitate didaktikoa eta webgunea

Dakizuenez, Leioako Udalak, Lamiako Maskaradarekin batera, jolasen liburu bat prestatu du Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, Maskaradaren historia eta tradizioa zabaltzeko. Leioako ikastetxe publikoetan ikasten duten Lehen Hezkuntzako ia mila haurrek xehetasun guztiekin ezagutu ahal izango dituzte Maskaradaren pertsonaiak eta garapena, jolasen bidez dibertitzen diren aldi berean. Leioako bost ikastetxe publikotako Lehen Hezkuntzako 800 ikaslek baino gehiagok jasoko dute hilabete honetan Lamiako Maskaradaren dibulgazio-liburua. Azpimarratu behar dugu azkenean unitate didaktikoak Leioako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan banatuko direla. 

 
Argitalpen oso arina eta didaktikoa da, eta Maskaradaren historia, pertsonaiak, garapena eta esanahia azalduko dizkie ikasleei, modu erraz eta dibertigarrian. Jolasen bidez, ospakizun horri buruz gehiago jakin ahal izango dute, eta ospakizunaren parte izango dira barruan aurkituko dituzten pertsonaien maskarak margotuz eta jarriz.

Gainera, ikus-entzunezko materiala ere izango da ikusgai www.lamiakomaskarada.eus webgunean ate unitate didaktikoak QR kodeak izango ditu.

MILA ESKER David eta Elen lan-bikaina egiteagatik!

webgunea 




 

 

Berriro Tele7 Telebistan!

Atzo beste elkarrizketa bat egin genuen aurtengo aktibitateak aurkezteko.

 Mila esker Cynthia eta Tele7 telebista beti gurekin egoteagatik!

Hurrengo bideoan ikus dezakezue, minutu 21an agertzen gara:

Tele7an agertutako prentsaurrekoa

Prentsaurrekoa 2021

Maiatzeko azken ostirala hurbiltzen ari da, lamiakoztarren egutegian gorriz markatutako data, baina baita Leioako gainerakoentzat ere. Aurten, osasun egoera kontrolpean ez dugunez, ezin izango dugu Lamiako Maskarada ospatu. Baina ez genuen ahaztu nahi ospakizun berezi eta sustraitu hau.

Hori dela eta, Leioako Udalak, Lamiako Maskaradarekin batera, jolasen liburu bat prestatu du Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, Maskaradaren historia eta tradizioa zabaltzeko. Leioako ikastetxe publikoetan ikasten duten Lehen Hezkuntzako ia mila haurrek xehetasun guztiekin ezagutu ahal izango dituzte Maskaradaren pertsonaiak eta garapena, jolasen bidez dibertitzen diren aldi berean. Leioako bost ikastetxe publikotako Lehen Hezkuntzako 800 ikaslek baino gehiagok jasoko dute hilabete honetan Lamiako Maskaradaren dibulgazio-liburua.

Argitalpen oso arina eta didaktikoa da, eta Maskaradaren historia, pertsonaiak, garapena eta esanahia azalduko dizkie ikasleei, modu erraz eta dibertigarrian. Jolasen bidez, ospakizun horri buruz gehiago jakin ahal izango dute, eta ospakizunaren parte izango dira barruan aurkituko dituzten pertsonaien maskarak margotuz eta jarriz.

Asmoa da Leioako ikasleen artean gure tradizio baliotsuenetako bat ezagutaraztea, eta, gainera, haien xehetasunak ezagutuz gozatzea, nahiz eta aurten ezin ikusi. Gainera, ikus-entzunezko materiala ere izango da ikusgai www.lamiakomaskarada.eus webgunean. Unitate didaktikoak QR kodeak izango ditu, eta Lamiako Maskaradaren soinuak eta dantzak ikusi, entzun eta, azken finean, sentitu ahal izango ditugu bertan.

Bestalde, argazki erakusketa ibiltari bat ere antolatu da, Maskaradaren urteetako unerik hunkigarrienak gogoratzeko. Maskaradaren magia sentituko duten irudien aukeraketa bat, batzuk udal artxibokoak, beste batzuk Maskaradak berak utzitakoak, Marcos Ferrer argazkilariak utzitakoak eta beste batzuk Jose Luis Raymond eszenografo ospetsuak eta Maskaradaren eszenografiaren sortzaileak utzitakoak.

Erakusketa Leioako hainbat auzotan zehar ibiliko da datozen asteetan, gainontzeko leioaztarrek Maskarada are ezagunagoa izan dezaten, eta iaz eta aurten ospatu ezin izan ondoren, gogoratzeko modu bat izan dadin. Erakusketa San Bartolomen, Txorierrin, Pinuetan eta Leioako erdigunean izango da.

Leioako Udalak Lamiako Maskarada omendu nahi izan du aurten, "Oso ospakizun berezia da leioaztarrentzat, baina batez ere Lamiakoko herritarrentzat. Badakigu zer den bi urtez jarraian ezin ospatzea. Horregatik, auzoaren lana balioesteko eta bere historia eta tradizioa zabaltzeko unerik onena zela uste genuen "adierazi zuen Iban Rodriguez Leioako alkateak."Maskaradaren egileen gainbegiratze eta laguntzarekin baino ezin zitekeen izan" gaineratu zuen, Lamiako Maskarada elkartearen laguntza eskertuz.

Arkaitz Correak, Lamiako Maskaradako kideak, kulturak gure bizitzan duen garrantzia azpimarratu zuen, bai eta gure ongizatean duen garrantzi izugarria ere, batez ere duela urtebete baino gehiago bizi dugun osasun-egoera honen ondorioz. Beraz, datorren urtean Lamiako Maskarada berriro ospatzea nahi du, eta horrela maskaren ordez bestelako maskarak jartzea, alaitasunez eta harrotasunez betetzen gaituztenak.

 Mila esker Leioako Udala zuen laguntzagatik eta Tipografika enpresa lan-bikaina egiteagatik!

Link (Leioa Udala)








 

 



Maiatza

 Maiatza hilabetea heldu da baina tamalez "Maiatza" ez da gure kaleetan egongo.

Aste honetan Kultur Leioan prentsaurrekoa emango dugu aurtengo "egitaraua " aurkezteko.

Animo eta zaindu, GUZTIOK ondo egon behar dugu hurrengo urtean gure Maskarada maitia denok batera gozatzeko!

Gora Lamiako Maskarada! Beti gure bihotzetan💗!

 


 



Liburua 2021

Duela denbora luze Lamiako Maskaradari buruzko liburu bat idazten hasi ginen. Berez proeiktu berezi hau ez dugu burutu gaur egungo taldeko kideok baizik eta aurreko partaideen artean sortu zen. Izan ere, Rosana Mencia, Luis Bilbao edota Jose Luis Raymond, beste batzuen artean, lanean egon dira liburu hau aurrera eramateko. Informazio pilo bat bildu egin dute, elkarrizketa asko egin dituzte eta jakina argazki asko bildu dituzte. Oso lan gogorra izan da, baina orain esan dezakegu laster lan-bikain hau zuek guztiok irakurtzeko prest egongo dela.

Mila esker ahalegin itzelak egin dituzten guztiei liburu hau argitaratzeko.

 

 


Lamiako Maskarada 2021

Arratsalde on, 

 Eusko Jaurlaritzak hartutako segurtasun-neurriak betetzen jarraitu behar ditugu, beraz momentuz ezin ditugu entsegurik egin. Suposatzen dugu Lamiako Maskarada aurten ere ez dugula ospatuko. Hala ere, horrek ez du esan nahi maiatzaren azken ostiralean Maskarada ezin dela gure artean egon. Dagoeneko Maskarada antolatzen dugunok Udalarekin batera lanean gaude ea "zerbait" egin dezakegun ala ez. 

Dakizuenez, hilabetero edota astero segurtasun-neurriak aldatzen dituzte, orduan zerbait argi eta garbi dagoen momentuan jakinaraziko dizuegu. COVID-19 etorri zen momentutik esan dugun moduan, ez dezagun inoiz ilusioa galdu, zaindu eta espero dezagun laster musika eta dantzak gure auzora buelta daitezela. 

 Mila esker,

 Lamiako Maskarada