Lamia

Gure Maskaradan Lamia da pertsonaia nagusia eta hementxe azaltzen dizkizuegu zeintzuk diren mito berezi honen ezaugarriak.

Hurrengo webgunetik hartu dugu informazioa (https://www.amaroa.com/jeinuak/lamia). Webgune honen helburua Euskal Mitologiaren ikuspegi orokor bat plazaratzea da. Txoko horretan euskal mitologiaren ezaugarriak, jainko eta pertsonaiak, elezaharrak eta abar aurkituko dituzue. J. M. Barandiaran etnologo jakintsuak euskal mitologiari buruz testigantzak jasotzen egindako lan eskergaz baliatu dira, batez ere.

Lamiak emakume eder baten itxura du gorputzaren erditik gora, eta hankak oiloarenak, ahatearenak, nahiz ahuntzarenak bezalakoak ditu. Lamien zereginen artean honako hauek zeuden: artilea haritu; trikuharriak, etxeak eta elizak eraiki; eta arropak garbitu. Baina asko atsegin du urrezko orrazi batekin bere adats ederra orraztea, erreka bazter edo urmahel batean. Haitzuloetan edo erreka putzuetan nahiz urmaeletan bizi ohi da. Gizonei eskatzen zien ogiari, urdaiari eta sagardoari esker elikatzen ziren, edota bere deboziozkoek eskainitako ogi, gatzatu eta esneari esker. Esan ohi da Lamiak ‘ezetza’ zela medio bizi zirela. Alegia, nekazariak zergak ordaintzerakoan, iruzurra eginez, zeuzkan lurrak baino gutxiago aitortzen bazituen, bere esanetan ez zeuzkan lur horiengatik Lamiak kobratzen omen zituen aitortu gabeko zergak. Iruzurraren kontrako eta zintzotasunaren aldeko jeinu legez ere agertzen zaigu, beraz. Dirudienez, kristautasunaren etorrerak badu zerikusia Lamien bukaerarekin.




Elezaharrak dionez, Anboto eta Arangio artean artaldearekin egoten zen artzain bati maiz agertzen omen zitzaizkion Lamiak, eta oso ongi pasatzen omen zuen hark, dantzan ibiltzen baitzuten airean. Artzaina gustura zebilen neska gazte eder haiekin, berak ez baitzekien Lamiak zirela. Batekin harreman sendoagoa egin zuen, eta etxeraino ere laguntzen omen zion. Behin batean, eraztun bat oparitu zion Lamiak artzainari, eta ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Mutilak kontatu zion amari, eta amak, kezkatuta, herriko apaizarengana joateko eskatu zion semeari. Elizgizonak, mesfidati, emaztegaiari oinak behatzeko agindu zion. Artzainak horrela egin zuen eta bere hankak ikustean ahatearenak bezalakoak zirela ohartu zen. Orduan, eraztuna atera nahi izan zuen lamiari itzultzeko; baina ahaleginak egin arren, ezin izan zuen atera, eta atzamarra moztu behar izan zuen. Eraztuna atzamar eta guzti itzuli zion lamiari, eta etxera joan zen. Sendatu zuen atzamarra, eta ohean sartu zen. Lamia haserre bizian gelditu zen, eta mutila ez omen zen gehiago esnatu.