Lamiako Maskaradan Prudentziaren istorioa kontatzen da:
Kondairak dioenez, XVII. mendearen hasieran Berriz mendian Prudentzia bizi zen, eta ondoko baserri batean, Martin. Laiatzeko garaian lanerako biltzen ziren, eta hortik maitasuna sortu zen. Ezkondu egin ziren. Prudentzia haurdun zegoela, Martin gaztainondo batetik erori eta hil egin zen. Handik bi hilabetera euren semea jaio zen: Inazio. Prudentziak, ahaleginak eginez, semea hazi zuen eta gurasoen tradizioa jarrai zezan saiatu zen, hots, lurra lantzea. Baina soroen jabe izateko adina zuenean, dena saldu eta itsasoratu egin zen, hura baitzen haren ilusiorik handiena. Prudentzia triste geratu zen, zerumugari begira semearen ontzia desagertu arte. Arratsalde batean Berriz mendian zegoelarik, itsasontzi zuri bat ikusi zuen. Orduan, korrika basoa eta padura zeharkatuz, ontziaren bila joan zen. Txalupa ondora iritsi zenean, garrasi mingarri bat eginez lurrera erori zen. Ez zen Inazioaren txalupa. Ahal zuen moduan etxera iristen saiatu zen, eta Ondizko paduretan hil zen.
Momento horretan lamien kantua entzun zen, eta Prudentzia lamia bihurtu zela esaten da. Kantu goxo hori mendi horien semea itsasoratzen denean entzuna da. Geroztik Ondizko padurei Lamiako Hondartza izena ematen zaie, eta hortik dator gure auzoaren izena, LAMIAKO.