Berria Egunkarian!

Aurreko ostiralean Peru Azpillaga kazetariak egindako erreportaia atera zen Berria egunkarian.

Mila esker!!!



Herri bat gara gu, eta hau gure historia eta gure ohiturak dira”, errepikatzen du Ieltxuk behin eta berriro, gaua heldu eta suaren inguruan dantzan egiten duen bitartean. Lamiakoko Maskaradari amaiera emateko antolatutako akelarrea da. Urtero urtero Lamiakoko futbol zelaian biltzen dituzte egun osoan auzoan batutako pertsonaia mitologiko guztiak. Bertan, iluntzen duenean, sua piztu eta Leioako auzoari izena ematen dion kondairan oinarritutako ikuskizuna eskaintzen dute. Aurten 40 urte beteko dira maskarada antolatzen hasi zirenetik, eta, hori ospatzeko, euskal jaia antolatu dute biharko. “Txikitatik bizi izan dugu jaia; oso berezia da guretzat, magikoa; auzotar guztiek hartzen dute parte”, adierazi du Arkaitz Correa maskaradako kideak. “Ez da soilik dantzatzen direnen kontua. Buruhandiak, erraldoiak, musikariak… jende asko inplikatzen da, eta bere ekarpena egiten du”, arrazoitu du. Maskarada maiatzaren amaieran egiten dute beti, eta hiru zatitan banatzen da. Lehenengo biak arratsaldez egiten dira, eta azkena, gauez. 17:30ean, Maiatza pertsonaiak, jantzi loredun bat soinean duela, maskarada hasi dela jakinarazten du, eta kalejira moduko bat abiatzen du auzoko jendea animatzeko, erraldoi, buruhandi eta fanfarreak lagunduta. Ondoren, Mari eta Sugaar agertzen dira, eta, haiekin batera, Prudentzia lamina. Marik pertsonaia mitologikoak biltzen ditu herrian zehar: ingumak, galtzagorriak, sorginak, Ieltxu, Aker eta beste hainbeste. Sugaar, mitologiaren arabera, laminen nagusia zen, eta, beraz, berak bilduko ditu lamina guztiak, lamina dantzaren bidez. Gaua heltzearekin batera, akelarrea egiten dute, Lamiakoko elizaren ondoan. Han, Prudentziaren kondaira antzezten dute. “Oso urduri egon ohi gara. Arratsaldea lasaiagoa da, bakoitzak badaki zer egin. Baina akelarrean gauza asko daude: soinua, fokuak, txalaparta, fanfarrea… dena ondo atera behar da”, azaldu du Correak. “Batzuetan, amaitutakoan soilik disfrutatzen dugu antolatzaileok”.


Joseluis Raymon eszenografoa izan zen Lamiakoko Maskaradaren sortzaileetako bat, 1978an. “Hurrengo urtean, maiatzaren azken ostiralean egin zen lehenengo ospakizuna”. Geroztik hona, 40 urte bete dira, baina ez da urte guztietan egin. “Garai haietan, egoera soziopolitikoa oso bestelakoa zen”, nabarmendu du. Frankismoaren amaiera zen. “Egun, ditugun ohitura eta ekitaldiak normaltzat hartzen ditugu, baina hasieran debekatuta egon ziren”. Euskal kultura eta tradizioa berreskuratzeko abiatu zuten egitasmoa, aldarrikapen modura. Bibliografia arakatzen hasi, eta Antonio Truebaren Lamiaren Kantua istorioa topatu zuten. Han azaltzen da nondik datorren Lamiako auzoaren izena: Prudentzia Berrizko mendian bizi zen, alargun. Haren semea hazi zenean, soroak saldu, eta itsasoratu egin zen, ama oso atsekabetuta utziz. Behin, itsasontzi zuri bat ikusi zuen, eta, semearena zela pentsatuz, hara hurbildu zen korrika. Alta, ez zen hura, eta tristuraz beteta Ondizko paduretan hil zen. Momentu hartan laminen kantua entzun omen zen, eta esaten da Prudentzia lamina bihurtu zela. Geroztik, Ondizko padurei Lamiako Hondartza deitu izan zaie. Lehenengo hamarkadan zailtasun asko izan zituzten, antolatzaileek egin behar izaten zutelako guztia: maskarak, jantziak… “Ez zuten orain dugun diru laguntzarik, eta auzotarrek egiten zuten dena, eskuz”. Hiru urtez jarraian egin ostean, bi urtetan ez zen egin. 1984an berriro kaleratu arren, 1988ra arte ez zen errepikatu. Geroztik, urtero egin da. “Baliabide faltak eta dirurik ezak ekarri zuen geldialdia. Gure auzoa apala da, langilea, eta garai haietan, gainera, drogak kristoren sarraskia egin zuen inguru hauetan”.

Kultura berreskuratzeko ekinaldi modura hasi zen, beraz, maskarada. Gainera, Prudentziaren istorioa XVII. mendekoa izanik ere, paganismoaren eta Elizaren arteko borrokaren isla da. “Gure auzoak borroka hori irabazten dio Elizari, Ieltxu pertsonaiak ikuskizunean dioen modura: ‘Herri bat gara, eta hau gure historia eta gure ohiturak dira’. Hala erakusten dugu gure herriaren indarra”.

Correak adierazi du Lamiako auzoa oraindik ere auzo erdalduna dela. Hala ere, maskaradaren bidez, auzo osoa jarri zen lanean euskal kulturaren alde, eta denek sentitzen dute bere. “Nik 26 urte daramatzat, eta, denborarekin, nire inplikazioa aldatuz joan da”. Aurten, urteurrenaren harira, garai guztietako partaideak bilduko dituzte maskaradan, eta dokumental bat ere filmatu dute. Horretaz gain, liburu bat argitaratzeko asmoa dute.